WILSON PICKETT
WILSON PICKETT
WILSON PICKETT
SOULAREN ARIMA BASATIA
Soul musikaren arima basatiak utzi gaitu. Soul musikak inoiz ezagutu duen ahots basatiena zen Wilson Pickettena eta abesteko era ere horrelakoa zuen, barru barrutik irteten den horietakoa. Soul abeslari klasiko gehienentzat bezala, 60. hamarkada izan zen bere urrezko aroa. Dena den, musikaren mundu basatian duintasuna mantenduz bizi irauten jakin zuen. Meritu bikoitza “Wicked”-ena.
Wilson Pickett, 1941eko martxoaren 18an jaio zen Prattville herrian (Alabama, AEB). Oso gazte zela, 1955ean, familiarekin Detroit hirira doa bizitzera. Detroit hiria, motoreen hiria kontsideratua dago eta baita soul musikaren gotorleku ere (bertan kokatua zegoen Motown zigilu ahalguztiduna). Musikalki, The Violinaires izeneko gospel taldean ematen ditu lehen pausoak. 1959an, The Falcons izeneko taldearen partaide egiten da; soul musikaren izen garrantzitsuak izango ziren Eddie Floyd (“Knock on wood”) eta Sir Mack Ricekin batera. Talde honekin aritu zen hiru urteetan bi kantu arrakastatsu lortu zituen; “You´re so fine” eta “I Found Love”. Azken honek arrakasta zerrendetan seigarren postua lortu zuen 1962an.

1963an, Robert Batema ekoizlea ezagutzen du eta ekoizleak aholkatuta bakarlari modura hastea erabakitzen du. Correctone Records zigiluarekin arrakasta gutxi lortzen duen singela grabatu eta gero, Double L Records zigiluarekin sinatzen du kontratua. Oraingoan bai, bakarlari modura lehen kanta arrakastatsuak lortuko ditu; “If You Need Me” eta “ It´s Too Late” kantuekin arrakasta zerrendetan lehen postuak lortzen ditu. 1965ean, Jerry Wexler, Atlantic zigilu ahalguztidunaren ekoizleak, kontratua eskaintzen dio eta Memphis hirira eramaten du. Bertan, Steve Cropper gitar jolea ezagutzen du eta elkarrekin, Wilson Pickett-en kantu arrakastatsuenak konposatuko dituzte; horien artean, abeslariaren kanta famatuena izango zen “In The Midnight Hour” abestia. 1965-67 tartean, Atlantic zigiluarentzat kanta arrakastatsuenak grabatuko dituzte; besteak beste, “Don´t Fight it” (1965), “634-5789” (1966), “Land Of 1000 Dances” (1966), “Munstang Sally” (1966) eta “Funky Broadway” (1967).

70. hamarkadarekin batera, erritmoak asko aldatuko dira musika afroamerikarrean eta Wilson Pickett, beste soul abeslari askok ez bezala, estiloari fidel mantenduko zaio. Ondorioz, disko gutxiago salduko ditu eta dagoeneko, modan ez dagoenez, zuzeneko emanaldiak ere askoz ere gutxiago emango ditu. Atlantic zigiluarekin 1972 arte grabatuko du eta zigilu honekin 1971ean lortu zuen azken arrakasta “Dont Knock My Love” kanta izan zen (zerrenden lehen postua lortuko zuen). 1972an RCA zigiluarekin sinatzen du eta nahiz eta kalitatezko grabazioak egin ez du aurreko urteetako oihartzuna lortuko. Garai honetako arrakasta handiena 1978an, “Funky Situation” kantarekin lortuko du. Hamarkada amaieran, Joe Tex, Don Covay, Ben E. King eta Salomon Burke, soul izar handiekin elkartu eta “The Soul Clan” ikuskizuna antolatzen du, European eta AEBetan zehar, soularen klasikoekin osatutako kontzertuak eskainiaz.

Berpiztea
Urteetan, ahal zuen modura aurrera eginez eta soul musikaren zaletuak ezik, beretaz ia inor gogoratzen ez zenean, “The Commitments” izeneko filmak lortutako arrakastari esker berpiztuko da berriro. Filma horretan, Irlandako gazte abeslari talde batek, Wilson Pickett-en bertsioak eginez lortutako arrakasta azaltzen zaigu. 1991 urtea zen eta urte horretan bertan, Wilson Pickett, “Hall Of Fame” izeneko zerrendan sartuko zen, musika munduan egindako lanaren errekonozimendu gisa. Urte korapilatsuak izan ziren ondorengoak eta alkohola eta beste drogekin arazo dezente izan zituen (kartzela zigorra eta guzti). 1999an bere azken diskoa kaleratu zuen “It´s Harder Now” izenekoa. 64 urte zituela, 2006ko urtarrilaren 19an, bihotzekoak jota, utzi gaitu. Begirunea eta maitasuna.
ARITZ SOUND SYSTEM